Project Description

OSA + MUJIKA Euskadi
Expectations will not kill you
La FuNdicIOn Bilbao
UZTAILAK 10, OSTIRALA, 21:30etan

Expectations will not kill you buruan ditugun helburuak lortzen ez ditugunean sentitzen dugun tristezia sentimendutik abiatzen da; bizitzan itxaropen handiz espero izandako nahiak ez lortzeak eragiten digun ezegonkortasun emozionala islatzen du. Hainbeste amestu duzun une hori da lanaren abiapuntua, hainbeste atsegin duzun pertsona aurkituko duzun momentu hori… zenbat arratsalde pasa ditugu gure burua txukuntzen, zoriontsu, gauean zer gertatuko dena irudikatzen? eta nor ez da etxera zeharo triste itzuli irudikatutako ezer egi bilakatu ez ostean?

Obra berehala esperantzaren argiz beteko da, eta porrot hau ilusio bilakatuko da, helburu eta amets berriak lortzeko indarra sentituz. Azken finean, denak bizi gara modu berean, behin eta berriz desiratutako helburuak bertan behera geratu direla-eta triste, baina amets berriei esker ilusioa berreskuratuz. Gaua ez zen irudikatu genuen modukoa izan, espero genuenetik oso urrun geratu zen, baina hala ere izugarri ondo joan zen.

Zuzendaritza: OSA+MUJIKA
Koreografia: Jaiotz Osa
Antzezleak: Raymond Naval, Jaiotz Osa
Jantziak: Xabier Mujika
Bideoa – Argazkiak: Etanowski

OSA+MUJIKA Jaiotz Osa eta Xabier Mujikaren arteko topaketa artistikoa da. Bi mundu sortzaileren arteko elkartzea da: alde batetik dantza, eta jantzigintza/eszenografia bestetik. Jaiotz dantzari eta koreografoa da, Xabierrek berriz, jantziak eta espazio eszenikoak diseinatzen ditu. Bien artean sortzen duten taldearen helburua bisualki indartsuak diren istorioak kontatzea da, buruan dituzten irudiak sortzea, hauei forma eta zentzua eman eta mugimenduaren bidez nahiz formatu audiobisualetan garatu. OSA+MUJIKA dantza eta ikusentzunezko arteetan dituzten interesak asetzeko sortu da.

Ez-ohiko espazioetarako sortutako Suddenly pieza motzarekin hasi zuen ibilbidea, RedAcieloAbierto 2017n hautatua izan zen eta bertako nahiz nazioarteko jaialdietan dantzatua. Lan hori garatuz 2018ko otsailean 50 minutuko Suddenly lll antzokirako obra (gerora Danza a Escena 2019 zirkuituan hautatua) aurkeztu zuten Donostiako Gazteszena antzokian. Lehen esperientzia honen ondoren, eta sortzaile gonbidatu moduan Oportoko KALE konpainiarentzat Produto sortu ondoren, 2019ko azaroan antzokirako OSA+MUJIKAren obra berria estreinatu zuen: KENOPHOBIA. Momentu honetan, aurten estreinatutako eta Red Acieloabierto 2020an hautatua izan den Expectations will not kill you lanarekin biran dabiltza.

ACIELOABIERTO 2020 Zirkuituan hautatutako konpainia