Project Description

TOPAGUNEA + RUBIK 
Nº IV La fiesta de la vida se celebra de diversas formas
LA FUNDICION BILBAO
EKAINAK 24, LARUNBATA 22:00H

Nº IV La fiesta de la vida se celebra de diversas formas antzezlanaren hasieran bi pertsonaiak topo egiten dute herriko jaietan, dantzaldian. Bikote horren eskutik, ikusleek sentsazio eta oroitzapenez jositako bidaia bat egingo dute herrietako jaietako momentu gogoangarrietan zehar; jaien hasierako txupina, sedukzioaren jolas inozenteak, jendea dantzan jartzen duten erritmoak, herriko janaria eta edaria (ezinbestekoak), topa egitea, txaranga, karaokea eta gaizki abestutako kantak, gorputzak elkartzen dituen dantza, bi ezezagunen arteko topaketa intimoa bideratzen duen kilkerren hotsa eta datorren urtera arte jaiei agur esaten dieten su artifizialak.

Dantzaldi horiek, “berbena” izenekoek, belar aromatikoen bilketari zor diete izena. Esaten zenez, belarrak onuragarriak ziren, gau horietan moztuz gero. Berbena-belarra hartzen zuenari gaitz guztiak sendatuko zitzaizkion. Herri bateko jai-giroko gauak dira, kalean ospatzen direnak, data bereziren baten aitzakian. Dantza, gozokiak, edariak eta jatekoak egoten dira.

Ikuskizun honek bizitzaren jai-giroa ekarri nahi du gogora; egunez egunekoa ospatzea, ezagun direla uste ditugunei beste era batera begiratzea, berriz maitemintzea, iraganean barre eragiten ziguten gauzak gogoratzea. Inozentzia, xamurtasuna, herabetasuna eta, era berean, denboraren iragatea sentitzeko saiakera da. Gogoratu eta berriz bizitzera gonbidatzen gaitu.

Garrantzitsuena zer den ez ahazteko xedez egindako alegoria bat da: elkartzea, ondo pasatzea, lagunekin egotea, ospatzea, dantzatzea…

Iraupena 15 min

Rubik konpainia Bartzelonan sortu zen, 2013an, komunikatzeko modu berriak esperimentatzeko asmoz. Mugimendua eta keinua aktorearen tresna nagusiak dira, gorputzek idatzitako dramaturgia bat eskaintzen dute. Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrerok osatzen dute taldea, Bartzelonako Institut del Teatre zentroan Antzerki Fisiko eta Bisualean lizentziatuak biak. Iruditeria bera partekatzen dute eta antzerkia egiteko modu pertsonalago baten aldeko apustua egin dute. Beren prestakuntzaren bidez jasotako baliabideak islatuta daude lanetan. Dantza, testua, objektuen manipulazioa eta biomekanika aplikatua hartzen dituzte oinarri, eta horien bidez antzerki partiturei bizia ematen diete.

Ondo definitutako keinuen bilaketan murgildu dira eta mugimenduaren lanean, gorputzaren adierazpenean, hitzean, espazioan eta osaera plastikoan sakondu dute. Horrekin guztiarekin, dramaturgia propioa osatzen dute. Garrantzia ikusizkoan eta poesian dago, ikusleari interpretatzeko aukera ematen zaion eremu txiki horietan.